Albisteak

 
Nabarnizko Udalak, azaroaren 27an izandako Batzarraldian, aho batez onartu zuen honako mozio hau:

Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskarararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da. Ospatzeko euskararen gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dugulako euskararen normalizazioan azken hamarkadetan eta hizkuntza asko ez bezala bizirik iritsi delako gaur egunera.

Baina ospakizunak neurriz egin behar dira, izan ere, jakitun gara, euskara bizirik egon arren, osasunetik urrun dagoela. UNESCOk berak hizkuntza ahulen zerrendan jarri du euskara eta euskara normalizaziotik urrun dago oraindik.

Beraz, euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eguna da batez ere, hau da, euskal herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzea.

Udalak erantzukizun zuzena du eta ezin du hizkuntz politikaren ardura hori bere kudeaketa politikotik kanpo utzi. Eta eragin behar du Udalaren tresna nagusiak – euskararen udal ordenantza, udal barruko zein udalerriko planak eta neurri praktikoak zein aurrekontuak – emankorrak izan daitezen Euskal Herri euskaldunaren bidea bultzatzeko

Euskara normalizatuko bada hizkuntza politika berria eta herritarren aktibazioa behar ditu ezinbestean. Beharrezkoa da gaurdanik, gure udalerri honetan, euskara normalizazio bidean jartzeko politika eta erabaki ausartak hartzea eta norabide horretan Udal honek ondorengo konpromisoak hartu eta deialdiak luzatu nahi ditu:

1. Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko ditugu, eta euskara administrazio osoan lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzeko konpromisoa hartzen dugu.

2. Euskararen arnasguneak -espazio sozial euskaldunak- bultzatu eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu.

3. Udalaren kontratazio-publiko eta lehiaketa guztietan hizkuntza-irizpideak txertatu eta garatzeko konpromisoa hartzen dugu.

4. Udal honek hiztun berriak lortu eta euskararen ezagutza udalerrian unibertsalizatzen laguntzeko konpromisoa hartzen dugu.

5. Herriko euskararen aldeko bilgune zabalak –euskalgintza, eragileak, sektore desberdinerako erakundeak, udala – sortzen eta gorpuzten laguntzeko konpromisoa hartzen dugu.

Udalaren helburua da gure herrian euskara izatea harremanetarako eta bizitza sozialerako hizkuntza nagusia. Baina horretarako hizkuntza politika berria eta hizkuntza-plangintza berrituak martxan jartzeaz gain, euskaldunak eta hiztunak behar ditugu. Gure herriko euskaldun guztion lana da euskara gure herriko hizkuntza nagusi bihurtzea eta horretarako euskaraz jakitea ez da aski bizi dadin, hitz egin behar da.

Hori guztia dela eta Udalak herritar euskaldunak gonbidatzen ditu euskaraz bizitzeko konpromisoa har dezaten:

1. Dakienak edonon, edonorekin eta edonoiz erabiliz
2. Ez dakienak euskara ikasiz
3. Erdipurdi dakienak euskara erabiliz, hobetuz.

Halaber, udalak herritar euskaldunak gonbidatu egiten ditu udalarekin dituzten harreman guztietan, ahozkoetan zein idatzizkoetan euskaraz jardun daitezen.

Azkenik, Udaletxeko balkoi nagusian “Euskaraz bizi nahi dugu” pankarta koloretsua jarriko du Udalak abenduaren 3tik (Euskararen Nazioarteko Eguna) 10era arte (Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna) eta mozio honen edukia onetsi izana udalerrian bando bitartez jakinarazteko konpromisoa hartzen dugu.

2013-12-03an, EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNEAN.