Albisteak

 

 Joan den urriaren 31n egindako batzarraldian, Nabarnizko Udalbatza Osoak hurrengo mozioa onartu du:

“EPAIKETA POLITIKO GEHIAGORIK EZ!

Datorren Urriaren 14an eta 17an hamarnaka Euskal Herritarren aurkako epaiketa hasten da Espainiako Entzutegi Nazionalean. Azken urteetan zain egon ondoren, batzuen kasuan gainera hamar urte baino gehiago,  epaiketa azken urratsera heldu da.

Urteetako ibilbideak argi eta garbi erakutsi du, salbuespeneko legeriaren itzalean, lan politikoa egiten ari ziren euskal herritarrak zigortu dituztela. Ehunka izan dira herri honetan, hauteskundeetan parte hartu nahi izateagatik, herri proiektuak aurrera ateratzen lana egiteagatik, sektore desberdinen kezkak bere egin eta politikoki erantzuteagatik auziperatu eta kartzelaratu dituztenak.

Euskal Herrian, konponbide eta bake haizea indartsu dabilen honetan, iraganeko egoeretara itzultzerik ez du onartzen gizarteak. Sufrimendu fasea gainditu eta elkarrizketa, akordioa eta aukera politiko guztiekiko errespetua oinarri izango duen egoera behar dugu. Eta kontrako norabidean ematen diren urratsak baztertu egin behar direla argia da.

Datorren urri  honetarako aurreikusita dauden bi epaiketa hauek, eta jarraian burutuko direnak testuinguru berean emango direla kontutan hartuta, garai berria zabaltzeko Euskal Herriak agertu duen erabakiari eraso egiten diete, konponbide baketsua blokeatu asmoz.

Hau guztia kontutan hartuta, udal honek honako erabaki hau hartzen du:

  • Ez daitezela epaiketa politiko gehiagorik egin;

 

  • Eskandaluzko instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxiba daitezela;

 

  • Prozedura judizial guztietatik etsaiaren zigor zuzenbidearen aplikazioa desager dadila;

 

  • Aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen nahiz askatasun politikorako funtsezko eskubideak baldintzarik gabe errespeta daitezela;

 

  • Elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak ezar ditzagula.

Euskal Herrian, 2013ko urria.”