Albisteak

 

Udalbatza Osoak, joan den urriaren 25ean egindako batzarraldian, EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozio hau onartzea erabaki du aho batez:


"BUSTURIALDEAN BENETAKO OSPITALEA

Aurten beteko dira zazpi urte Gernika-Lumoko Ospitalea inauguratu zenetik, baina izen hori daraman arren, benetako

ospitalea izatetik urruti dago oraindik. Ospitalizazio oheak izateko aurreikusita zegoen hirugarren solairuak

hutsik jarraitzen du eta gainera, Gernika-Lumoko Osasun Zentroko lehen mailako arretako zerbitzuak bertara

eramateko egitasmoa ez dute guztiz baztertu Osakidetzako arduradunek. Herriko Osasun Zerbitzu guztiak puntu bakar

batean biltzea zentzuzkoa iruditu daitekeen arren, mugimendu hori eskualdean benetako Ospitalea izateko eskubidea

behin betiko hipotekatzea izango litzateke, orain libre dagoen espazio bakarra betirako galduko litzatekeelako.

Historian zehar baztertuta egon da gure eskualdea Osasun arloan, eta ez soilik erreferentziazko ospitaleetara

dagoen distantziagatik. Gaur egun ere, Gernika-Lumoko Ospitalea baino beranduago abiarazi diren bestelako

proiektuek, Urduliz edota Eibarkoak kasu, ospitalizazio zerbitzuak bermatuta dauzkate, eta haien beharra

justifikatzeko gure eskualdean bete-betean bizi ditugun arrazoiak erabiltzen ditu Osasun Sailak: biztanleriaren

zahartzeak dakartzan patologia kronikoek gertuko ospitalea izatea eskatzen dutela, alegia. Gure kasuan, ohe faltak

gure eremutik urruti dauden Gorliz eta Santa Marinako ospitaleetarainoko bidaiekin jarraitzea esan nahi du,

paziente zein senideentzako dakartzan kostu ekonomikoa eta desgaste psikologiko eta fisikoarekin batera.

 Gauzak horrela, zentro honen garapena eta ekipamendua seriotasunez  har daitezen nahi du. Horregatik,

Nabarnizko Udalak Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari hurrengoak eskatzen die:

1. Gernika-Lumoko Osasun Zentroan egun ematen diren lehen mailako arretako zerbitzuak Ospitaleko hirugarren

solairura lekuz aldatzeko proiektua behin betiko baztertzea

2. Osasun Sailak bai proiektuan, bai inaugurazioan eta bai osteko erantzun parlamentarioetan hitzemandako

ospitalizaziorako oheak jartzea hirugarren solairu horretan, dagozkien zerbitzuekin eta langileekin batera,

zentroari benetako ospitale izaera emateko

3. Proiektuan agindutako bestelako zerbitzuak martxan ipintzeko urratsak ematea, hala nola Hemodialisi

Zerbitzua edo Erradiologia Zerbitzuaren %100eko aprobetxamendua kasu.

4. Mozio honen berri udalak dituen bitartekoen bidez herritarrei ematea, baita Eusko Jaurlaritzako Osasun

Sailari, Gernika-Lumoko ospitaleko eta Gernika-Lumoko osasun zentroko arduradunei.


Finean, Gernika-Lumokoa benetako eskualde-ospitale publiko bat izan dadin exijitzen du  Nabarnizko Udalak,

eskualdeko biztanleei ospitaleko arreta hurbilduko liekeena eta hamarkadetako bazterkeriari amaiera ematen hasiko

dena.


Nabarnizen, 2018ko urria"