Albisteak

 

Nabarnizko Gure Esku Dago taldeak igande honetan egin du herrian ekimenaren aurkezpena. Lehenengo herriko taldeen artean banatu zuten informazioa, hauen parte hartzea eta inplikazioa indartzeko, eta ondoren, herritar guztiei gonbitea egin zitzaien igande honetan egin den aurkezpenera hurbiltzeko.

Igandeko ekintzak goizetik hasi ziren. 10etan udaletxe zaharretik plazara musika jarri zen, eta bitartean, barruan, Gure Esku Dago ekimenaren bideo labur sorta jarri zen ikusgai, herri ezberdin askotan egindako ekintzak erakusteko. Hori martxan jarrita, Iluntzarrerako igoera egin zen. Taldetxo bat bildu zen egin zuen eguraldi ederrarekin animatuta, eta guztiak menditik jaitsi ondoren, Udaletxe zaharrean egin zen aurkezpena.

20 bat lagun bildu ziren, eta aurkezpenaren ostean Ekainaren 8an egingo den giza katerako izenak emon zituzten. Nabarniztarrak, eskualdeko herri txikietako beste herritar askorekin, Elorrion egongo dira, 10.kilometroan, eta Arratzuarekin batera saiatuko dira autobus bat betetzen. Nabarnizen lan erdiak eginda dauzkate, 30 pertsonak eman dutelako izena giza katera joateko. Dana dala, datorren domekara arte eman ahal izango da izena, eta zerrenda Herriko Tabernan dago, apuntatu nahi duenarentzat.

Jendea animatzera deitzen dute taldekoek, eta Nabarnizko Udalak ere, ekimen hau babesten duenez, ekainaren 8an giza katera doazenentzako hamaiketakoa ematea agindu du, ordu luzez egon beharko delako bertan dena antolatzen den bitartean. Eta nola ez, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapen honetan parte hartzera.