Albisteak

 

Nabarnizko Udalak agindua jaso du, bandera española Udaletxean ohorezko lekuan jartzeko, eta bete gin behar du, zigor mehatxupean.

Nabarniztarron nahiaren aurkakoa dela jakinda, eta erakundeok herritarren erabakien kudeaketaren ardura daukagunez, Udala osatzen dugun Bildu eta EAJ alderdietako ordezkariok, ADIERAZPENA onartu eta geure ikurriñaren aldeko ekitaldia egitea erabaki dugu urtarrileko Osoko Bilkuran.

Herritar guztioi dei egiten dizuegu, otsailaren 16an igandean, herrriko plazan egingo den Ikurriñaren Omenaldian parte hartzeko, eta baita ere, etxeetako leiho eta balkoietan ikurriña jartzeko.

Azkenik, Udal taldeok onartutako ADIERAZPENA sinatzera gonbidatzen zaituztegu, Udalaren erabaki honekin bat egiten duzuela agertzeko. Otsailaren 16an Udaletxe Zaharrean egongo da jarrita, nahi duenak bertan sinatzeko.

Otsailaren 16an, "GEUREA, IKURRIÑA" ekitaldia

12:30: Bolanderak eta Txalaparta bidez, plazan biltzeko deia

- Ikurrin-mosaikoa osatzea

- Udaletxeko balkoitik: orain arteko Alkateen Adierazpena

- Bertsoak

- Ikurrin Dantza

- Plazan ikurriña jartzea

- Agintariena

- Nahi duenak Adierazpena sinatzea, Udalaren erabakiei babesa agertzeko

Ikurriña behar duenak, herriko 3 tabernetan eskuratu ahal izango du, 3€ ordainduta.

Adierazpena

2013ko uztailean Estatuaren gobernu ordezkariak Nabarnizko Udalari 39/1981eko Legeak xedatutakoa betetzea agindu eutson: hilabeteko epean bandera española udaletxeko balkoian jartzeko. Epe horretan Udalak agindua bete ez ebanez, horren ostean epaitegian errekurtsoa jarri eban.

 

Badakigu Madrilen asmoa ez dala bakarrik bandera española ipini araztea, eta hor daukaguz bestelako asmoak, bata bestearekin kateatuta: administrazio gero eta zentralizatuagoaren mesedetan,  herriak itotzeko onartu berri dabeen “Udalak arrazionalizatzeko Legea”; gure nortasuna eta historia garatu nahi doguzan garai honetan hezkuntzan LOMCE legearen bidez oraindik gehiago espaiñolizatu nahi gaituzte. Gure sinboloak urteetan legez kanporatuta egon ondoren (Nafarroan oraindik ere), orain bandera espaiñola ipintzera behartu nahi gaituzte.

 

Gero eta argiago bistaratzen jakuna zera da, erabakitzeko eskubidea berreskuratu behar dogula, herri honek berak erabaki behar dauela zer eta nola egin behar diren gauzak.

 

Honengatik guztiagatik, Nabarnizko Udalean ordezkaritza duten EH Bildu eta EAJ alderdiek ADIERAZPEN hau aurkezten dute Udalbatzarrean onartua izateko:

 

1.- Nabarniztar gehienen sentimenduen kontra Espainiako bandera ezartzera derrigortzen gaituen legearen inposizioa salatu nahi dogu eta gure erabateko ezadostasuna adierazi.

 

2.- Inposatzen jakun banderak ez dau inoiz herri hau ordezkatu; ez lehen eta ez orain. Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean.

 

3.- Herritar gehienen nahiaren aurka eta euren ordezkarien erabakimenaren aurka ezartzen dan sinboloa izanda, neurri honek nabarniztarren borondatearekiko errespetu falta azaltzen dau.

 

4.- Gure herriak erabakitzeko eskubidea dauka eta horren aldeko lanean sakontzeko erabateko asmoa dugu eta herritarrak ere horretara gonbidatzen doguz.

 

5.-Herri honen gehiengoarekin bat egiten dauen sinboloa ikurriña da eta, beraz, horren adierazgarri. Eta ikurriñak merezi dauan presentzia izan dagian, Nabarnizko herriko plazan modu iraunkorrean present egongo dan masta eta Ikurriña jarriko ditu Udalak. Eta era berean, inposaketaren salaketaren adierazpena ere jarriko da.

 

6.- Ikurriñaren omenez otsailaren 16an ospatuko dan ekitaldian parte hartzeko deia egiten deutsiegu herritar guztiei, etxeetako leiho eta balkoietan ikurriñak ipintzeko dei eginez.

 

Nabarnizen, 2014ko urtarrilaren 30ean