Albisteak

 

Nabarnizko Udalbatza osatzen duten zinegotzi guztien adostasunez, jarraian berridatziko den adierazpen hau onartu da:


UDAL ADIERAZPENA

Busturialdean bizi gara, Oka ibaiak marraztutako paradisuan, Urdaibaien, askatasun eta bakearen sinboloa dan Gernikako Arbolaren itzalpean. Munduaren begietara bonbaketa bildurgarritik birsortutako jendartean bizi gara, bildurraren eta ikararen aurrean mendekuaren bidea albo batera itxi eta jendarte barria sortea posible zala erakutsi genduana. Gaur egunean be, garai barriotan, bakearen lekukoa hartu beharra daukagu, Okaren urak kantauritik mundu zabalera bestelako “guernica” batekin iritsi daitezan.

Azken urteetan Euskal Herrian bake haizeak zabaltzen ari dira. ETAren behin betiko su-etenak eskenatoki barri baten aurrean jarri gaitu. Ondorioz, zauria itxi eta sendatzeko garaia dan hein berean, zauriaren jatorriari heltzeko sasoia be bada. Erabagiteko eskubidea daukagu eta eragiten gaituen arlo guztietan erabagi behar dogu, etorkizunerako oinarrien jabe izan behar dogu. Beste garai batzuetarako prestatutako errezetak gaur egun ez dira osasungarri eta, beraz, salbuespeneko legedia bertan behera itxi behar da.

Guzti horregaitik, ez dogu ulertzen zelan dan posible pankarta bat jartzeagaitik persona bat kartzelarako bidean jartzea, oraindik gitxiago “bilatze eta atxilotze” agindua emotea. Etorkizunerako oinarriak ezin ditugu bidebakokeria honen gainean eraiki. Espetxea zigorretan gogorrena da, beraz, ondo neurtu behar da bere erabilera. Nola azalduko deutsagu euskal jendarteari, munduari, bakearen urian pankarta bat jartzeagaitik neska gazte bat atxilotu eta espetxeratu dutela?

Beste alde batetik, Jone Amezaga herrian inplikautako herrikidea da, irakaskuntza, gazte mobimenduan, txosna batzordean, jaietan, herrigintzan... etenbako ekarpena egiten ari da eta, ondorioz, bidebakokeria honek oihartzun eta eragin handiagoa dauka eskualdean.

Guzti honegaitik Ertzaintzari Jone Amezaga bilatu eta atxilotzeko egindako txostenagaz atzera egiteko eskatzen deutsagu eta, beraz, epaileari “bilatze eta atxilotze” agindua bertan behera uzteko eskatzea.

Bestetik, Jone Amezaga espetxeratzeko ebazpena bertan behera uzteko eskatzen dugu. Inork ezin baitu ulertu pankarta bat jartzeagatik inor espetxeratzea.

Bide batez, gure babesa eskaintzen deutsogu Jone Amezagari eta bere familiari egunotan pairatzen ari den bidegabekeriagatik.

Amaitzeko, udal adierazpen hau bando bidez herritarrei jakinaziko deutsegu.