Albisteak

 
Nabarnizko Udalak, Azpiegiturak S. A. U. foru enpresarekin sinatutako hitzarmenaren bitartez, Elexalde auzoan prezio tasatua duten zortzi etxebizitza eraiki zituen. 2011garren urtean amaitu zirenetik, etxebizitza hauek saltzeko edo alokatzeko lau deialdi publiko egin badira ere, hutsik jarraitzen dute.

Etxeak hutsik egote horregaz kezkatuta, eta holan jarraitekotan alferrik galdu daitezkeela ikusita, Udalak neurri batzuk hartu beharra proposatu zion Azpiegiturak, S.A.U.ri, hau da: alokairuen prezioa erdira jaistea eta kontratua eten beharra izanez gero, zegoen penalizazioa kentzea. Azpiegiturak-en Zuzendariarekin egindako bilera batean onartu egin zuten Udalaren proposamena, eta hori bideratzeko erakunde bion arteko hitzarmena aldatu egin da.

Horren ondorioz, alokairu kontratuen prezioak nabarmen jaitsi dira, 4,34 €/ m2tik 2,00 €/ m2ra, eta orain hileko 139,70 eta 175,10 € artean daude (BEZ barne). Gainera, bost urteko gutxieneko epea igaro baino lehen alokairu kontratua bertan behera uztearren zegoen zigor klausula kendu egin da.

Etxebizitzak erosteko kasuan, lehengo prezioak mantendu dira (149.342,73 eta 182.313,90 € artean, azaleraren arabera), bai eta lehengo baldintza berberak ere.

Etxebizitza horiek alokatzeko edo erosteko baldintza orria Nabarnizko Udalbatza Osoak onartu du joan den urtarrilaren 29an, eta laster argitaratuko da Bizkaiko Egunkari Ofizialean. Gainera, Udaletxearen web orrian aztertu ahal izango da, eta baita Udaletxeko bulegoetan ere.

Eskariak aurkezteko epea zabalik egongo da Bizkaiko Egunkari Ofizialean iragarkia agertuko denetik eta ez da itxiko. Eskariak aztertu eta tramitatuko dira Udaletxean aurkeztu hala.

Orain onartutako neurri hauekin Udalak bilatzen duen lehen gauza etxebizitzak okupatzea da. Eta prezioak jaistearekin alokairuaren aukera indartu nahi da, eta batez ere gazteak animatu, jakinik krisi garai honetan egoera zailena bizi dutenak direla.