Historia


Elexalde

Nabarnizko lehen biztanleen aztarnek Eneolitiko garairarte garamatzate, K.a. 2800 urterarte. Garai honetako hezurdurak agertu dira Ikazurieta auzoko Ondaro haitzuloan. Zeltiarrak ere bizi izan ziren hemen K.a. VI. mendean eta defentsarako gotorleku bana eraiki zuten Iluntzar mendian eta Maruelezako kastroan (Arrola-Gastiburu mendian), Mundakako itsasadar osoa ondo zaintzeko tokian. Azken kastro honetan erromatar garaiko aztarnak ere azaldu dira, besteak beste jainko erromatar baten figura txiki bat, inskripziodun harriak eta esku-errotak.

Zeltiarrek paraje hauek utzi ondoren sartu omen ziren erromatarrak kastro hauetara.
K.o. V eta X. gizaldiei buruzko argibiderik ez dago. Ez arkeologiaren aldetik, ezta testuen bidez ere, ez da egiaztatu gizakiaren presentziarik Nabarnizen.

X. gizalditik aurrera, ordea, gaur egun ezagutzen ditugun auzoak eratuz joan ziren, bakoitza bere baselizaren inguruan: San Kristobal baselizaren inguruan Ikazurieta, San Miguelen inguruan Uribarri, San Gregorio Merikan, Santiago Lekerikan eta Gorostizako Andra Mari eleiza Elexalden. Azken hau XV. gizaldian eraiki zen, baina bere aurretik Gorritiz Goikoa deituriko bakartegia egon omen zen bertan.

Auzo-baseliza hauek izan ziren mendetan zehar biztanleen bateratzaile, bertan hartzen ziren-eta erabakiak eta beraiek ziren edozertarako batzarleku. Baina Nabarnizko bizitzaren benetako motore baserriak ziren. Baserri etxeak, bakoitzak bere ortu, fruta-arbola eta abereentzako zelaiekin, unitate ekonomikoa osatzen zuen, bertako bizilagunei bizitzeko behar zuten ia guztia emanez.

X. gizalditik XX. gizaldi erdirarte aldaketa nabarmenik gabe jarraitu zuen historiak Nabarnizen. Joan den mende erdialdetik aurrera, ordea, garai iluna ezagutzea tokatu zitzaion. Alde batetik, 1964 urtean Nabarniz Gernika-Lumori anexionatu zitzaion eta Gernikaren auzo legez funtzionatu zuen, 1987 urtean udalerri izaera berreskuratu zuen arte.

Beste aldetik, nekazaritza abeltzantza eta baso ustiaketatik bizi zen herria izanik, industrializazio prozesuaren eraginez, baserriak hustuz joan ziren eta auzokide gazteenek inguruko herri handietara migratu zuten bizimodu hobe baten bila. 

Zorionez, XXI. mende hasiera honetan, prozesu hori eten egin da. Bertoko biztanleak eta baita kanpokoak ere, hasi dira nekazal munduari eta hemengo bizi-kalitateari dagokien balioa ematen, eta Nabarniz biziz berritzen.